XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Aldizk.- Ez dugu luzatu nahi, Antonio, afaltzeko garaia ere izango da eta. Bi edo hiru galdera txiki egingo dizkitzugu, amaitzeko. Argizariarekin zer egiten zenuten?

Ant.- Uste dut herriko denda batera eramaten zutela, eta horrek Goizuetara bidaltzen. Garai hartan Goizuetan bazen kandelagile edo horrelakoren bat.

Aldizk.- Antonio, zuhaitz zahar batean erlea aurkitu eta gurutze bat ipiniz gero errespetatzen al zen?

Ant.- Bai horixe, eta hori baino gehiago. Altzueta baserria badakizue Urumea ibaiaren ondoan dagoela. Gu uretakoak ginen, esaterako. Han, uholdeak ateratzen zirenean, zuhaitz eta enborrak maiz ekarri ohi zituen urak berekin. Hara bada, enborrak uretik atera eta gurutze bat ipiniz gero, harrapatzen zituenak beretzat izaten zituen, aldi batean ibai bazterrean utzita ere. Beste gauza bat ere ikusita nago. Behia salgai (edo beste zerbait) eta tratua egin eroslearekin, elkarri esku eman saltzaile/erosleek eta hirugarren batek bere eskuinaz kolpatxo bat esku elkartuen gainera, gehiagorik gabe tratua itxita gelditzen zen.

Aldizk.- Erlea saltzen ikusi al duzu inoiz?

Ant.- Saltzen ez. Erregalatu egiten zen.

Aldizk.- Antonio, gu gogotik gaude zurekin, baina zeuk atera konuak, gero!

Ant.- Bai, bai, oraintxe bukatuko dugu. Istorio bat etorri zait burura. Gure etxean orain dela 70 urte alde-alde, erlesemea atera eguarte batean eta aitari: erlesemea dago harako zuhaitz adar hartan. Aitak iluntzean bilduko zutela eta soroan jarraitu behar zela lanean. Arratsalde erdian burrunba bizian han zihoak gure erlea. Handik pixka batera Pagola-enetik abisua, babarrun harba baten gainean erlea zegoela esanez. Soro-lanak utzi eta hara erlea biltzera, eta gainera erlesemea bertako jabeari utzi. Horra nola izaten ziren gauzak.